XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PETRIREN BIGARREN GUTUNA

Agurra

1 1 Nik, Simon Petrik, Jesu Kristoren zerbitzari eta apostolu naizenak, zueri izkiriatzen dautzuet, gure Jainko eta Salbatzailea den Jesu Kristoren salbamen-indarrari esker gurea bezain fede baliosa ukan duzueneri.

Grazia eta bakea izan ditzazuela nasaiki, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutzari esker.

Giristinoa zertarat deitua den

3 Jainko ahaltsuak sainduki bizitzeko behar den guzia eman dauku, bere aintza eta indarraz deitu gaituen Jesus ezagutaraziz.

4 Hitzeman zauzkigun ontasun baliosenak eman dauzkigu, gutizia tzarrengatik munduan den ustelkeriatik ihes eginez, Jainkotasunean parte har dezagun.

5 Horrengatik, entsea zaitezte lotzera, ahal bezainbatean, fedeari bertutea, bertuteari ezagutza, 6 ezagutzari zuen buruaren jabetza, zihauren jabetzari iraupena, iraupenari jainkozaletasuna, 7 jainkozaletasunari haurride-batasuna, eta haurride-batasunari maitasuna.

8 Horiek guziak zuen baitan gero eta gehiago azkartzen baditutzue, lagungarri izanen ditutzue eta Jesu Kristo gure Jauna gero eta hobeki ezagutuko duzue.

9 Bainan horiek ez dituena itsua da, lausoaren lausoaz, ahantzi baitu garbitu duela Jainkoak bere lehenagoko bekatuetarik.

10 Haurrideak, Jainkoak deitu eta hautatu zaituzte: zaudezte hortan, tinko; hola eginez, ez zirezte sekula gaizkian eroriko, 11 eta zabal-zabala idekiko zaizkitzue Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiereko erresumako ateak.

Apostoluen lekukotasuna eta profeten hitzak

12 Horrengatik, beti gauza horiek orroitaraziko dauzkitzuet, nahiz eta badazkitzuen eta irakatsi zaitzuen egian sendo zaudezten.